Gaurkotasuna
2013 2012 2011
Ostegunean, maiatzak 9, Alfredo Landa aktore nafarra hil zen, laurogei urte zituela. Ehun eta berrogeita hamar pelikula baino gehiagoko filmografiarekin (zinema eta telebistaren artean), Espainiako zinematografiako aktore emankor eta ezagunenetakoa da. Nafarroako Filmotekak aktoreari eskainitako ziklo bat prestatuko du, azken hiruhilekoan eginen da.
Urtero legez, arkitekturari buruzko zikloa izango dugu maiatzean filmotekaren egitarauaren barruan. Hirugarren aldia da Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoak Nafarroako Filmotekaren laguntzaz Dokumentala eta Arkitekturari buruzko zikloa antolatzen duena. Bi arte-adierazpen horiekin zuzenean zerikusia duten eta hemen argitaratu ez diren hiru film dokumental izango dira ikusgai. Horrez gain, fikziozko film bat ere ikusteko aukera izango da. Film horren plastizitateak eta estetikak arte arkitektonikoaren unibertso bisualera eramango gaituzte.
Nafarroako Filmotekan handitu egin da herritarrek emandako filmazioen funtsa, Enrique Soler de Agustínen artxibo zinematografikoa jaso baitu. Soler de Agustínen familiak emandako materialetan super 8ko 59 film daude; 8 mm-ko 107, eta 9,5 mm-ko 38. Guztietan ere Nafarroako bizitza familiar, profesional eta sozialaren gertakarien irudiak ageri dira, 1931tik 1989ra bitarte grabatutakoak.
Zazpigarren artearen ikonoak, hala nola Clin Eastwood edo Star Warseko robota, edota zinema beltz klasikoaren filmetako une ezagunak gogora ekartzen dizkiguten margolanak. Juanjo Lazcano nafar artistaren margolan sorta ederra ikusgai jarria baitago egunotan filmotekaren atondoan. Lan guztiak zinemaren munduari lotuta daude, eta erakusketa heldu den apirilaren 30era arte egonen da zabalik.