Punto de Vista 2011 Zinema Dokumentalaren Jaialdian abiarazitako zinema-ziklo bati berrelduko dio Nafarroako Filmotekak maiatz honetan; hots, INAAC Panorama izenburukoari, Nafarroarekin zerikusia duten filmak ikusteko. Oraingo honetan, zikloan 778- La Chanson de Roland eta Jesús Monzón, el líder olvidado por la historia ikusteko aukera izanen dugu, biak ere aurretik gaztelaniaz ikusitakoak, eta, orain, euskaraz eskainiko direnak, eta La jota navarra. Pasión por un canto dokumentala.
Ziklo barruko lehen film luzea, beraz, 778- La Chanson de Roland da (Frantzia , Espainia, 2009), Olivier van der Zee zinemagileak Errolanen Kanta famatuaren inguruan egindako lana; maiatzaren 19an, ostegunean, izanen da (gaztelaniaz, 18:00etan eta euskaraz, 20:00etan).
Filmean hainbat ekoiztetxe aritu dira elkarrekin: Itp etxe nafarra, Idem eta Modélika espainiarrak, eta Smac frantsesa. Pelikularen bidez, denboran 1.200 urtez eginen dugu atzera, Europako kulturaren literatur lanik zaharrenetako eta ezagunenetako baten jatorriak eta esanahia bilatzeko; Europa osoko milioika lagunek bigarren hezkuntzan ikasitakoa, bestalde.
INAAC Panorama zikloaren bigarren proposamena ekainean iritsiko da, La jota navarra. Pasión por un canto (Espainia, 2011) emanen baita; hau da, Gilles Kanert-ek Nafarroako kantu tradizional horren historiaz eta egungo egoeraz egindako lana. Filma ekainaren 15ean, asteazkenean, izanen da.
Zikloaren azken film luzea Jesús Monzón, el líder olvidado por la historia izanen da (Espainia, 2010). Enric Canalsek zuzendutako eta Jaume Peracaulak errealizatutako ikerketa-dokumentala da Jesús Monzon buruzagi errepublikanoaren bizitzari buruz: ekintza-gizona eta “bon vivant” izandakoa, Jesús Monzón familia aristokratiko batengan jaio zen eta, bizitzan zehar, pentsamolde honetako eta hartako nafar jendea izan zuen adiskide.
Dokumentala ekainaren 30ean, ostegunean (gaztelaniaz, 18:00etan eta euskaraz, 20:00etan), emanen da eta Monzónen adiskide, senitarteko eta alderdikide aunitzen lekukotasunak bildu ditu.
Sarrera doakoa izanen da, betiere saioa hasi baino ordu erdi lehenago gonbidapena hartuta.