Filmotekaren gainean
Aurkezpena Helburuak Arloak
Exterior del edificio de la Biblioteca y Filmoteca de Navarra
Nafarroako Liburutegi eta Filmotekaren eraikina

Nafarroako Filmoteka Nafarroako Liburutegiaren eta Filmotekaren eraikinean aurkitzen da, Iruñeko Mendebaldeko auzoan. Filmoteka Ikus-entzunezko Arteen eta Zinemaren Nafarroako Institutuak (INAAC Fundazioa) kudeatzen du.

Nafarroako Filmotekaren helburu nagusia da Nafarroarekin lotura duten pelikulak eta ikus-entzunezko obrak nahiz zinea eta ikus-entzunezkoa orokorrean eta nafarra bereziki aztertzeko interesgarriak diren bestelako elementuak berreskuratzea, artxibatzea, kontserbatzea, ikertzea eta hedatzea.

Xede horrek dokumentazio zinematografikoa eta ikus-entzunezkoa biltzea eta zaintzea eskatzen du; baita ere, material teknikoa jasotzea, kultura eta historia aldetik kontserbatzea komeni dena. Era berean, ikus-entzunezko kultura hedatu nahi da zikloen, lehiaketen, erakusketen eta jaialdien bitartez. Azkenik, helburuen arabera, interesgarriak izan daitezkeen proiektuetan parte hartu nahi da, ikus-entzunezkoa eta zinea zabaltze aldera, bereziki Nafarroan edo nafarrek egindakoa.

Filmotekaren lehen eginkizunetariko bat izango da utzita dauden funts zinematografikoen inbentario zorrotza egitea, haien garrantzia, kalitatea, kontserbazio-egoera eta filmografiaren panoramaren barruan duten gailentasuna zehazteko. Hortik aurrera, ondare filmikoa antolatzeko eta berreskuratzeko jarduerak egin ahal izango dira, espazio egokian eta behar adina hornitutako gunean, adituek, ikertzaileek eta orokorrean publikoak eskura izan dezaten.

Gaur egun, funts filmikoa badago, partikularrek utzitako tituluak eta Nafarroako Gobernuak eskuratutako, babestutako edo lagundutako pelikulak biltzen dituena. Azken urteetan, material zinematografikoaren hainbat donazio edo gordailu egin dira, eta tartean honako hauen lanak aipatu behar dira: Amalio Salaverri, Alberto Zozaya eta Alberto Cañada, Antonio José Ruiz, Adrián Martínez "Hamsi", Golem, Saide, Cine Club Lux, Jesús Baztán edo Miguel Urabayen.

Filmotekaren lehen ibilbide honetako erronka nagusia izango da gure erkidegoarekin lotutako ikus-entzunezko materialak bilatzea: Nafarroan filmatutako edo ekoiztutako pelikulak eta ikus-entzunezkoak; Nafarroan jaiotako profesionalen, zuzendarien eta gidoilarien, teknikarien edo aktoreen parte-hartzearekin egindako produkzioak; eta edukiaren barnean Nafarroa eta Nafarroako historia, kultura eta pertsonaiak agertzen dituztenak. Halaber, ezingo ditugu ahaztu amateur edo familia eremuan egindakoak edo profesionalak ez direnak; era horretan, horiek donatzea eta uztea bultzatuko dugu, katalogatze, kontserbatze eta hedatze aldera.