Dokumental hau Zorongo taldearen laugarren diskoaren argitalpenarekin batera sortu zen. Diskoa 2015ean grabatu zen eta Donejakueko bidean inspiratutako ikuskizun bateko musika jasotzen du, bai eta Espainiako Erdi Aroko musikak ere, 2013tik talde honek Orreagako Errege Kolegiatan egin dituenak. Diskoa grabatzeko ideia kontzertuetara bertaratutakoek iradoki zieten, ikuskizuna amaitzean Zorongoren “experientia” berri bizi nahi baitzuten.
Bere izaera ia performatikoa dela eta, kontzertu horretako muina ezin zen soilik CD batean jaso eta hori dela eta, Zorongoko musikariek ikus-entzunezko dokumentua sortzea pentsatu zuten diskoko musikaren osagarri izan zedin. Azkenik, proiektuaren, musikaren eta Orreagako Errege Kolegiataren botere oroitarazleak hasierako ideia eraldatu eta orain Filmotekak aurkezten duen dokumentuan bilakatu zen.
Zorongoko musikariak harritu ziren ikus-entzunezko euren proiektua, baliabide tekniko apalak zituenak, balio dokumental eta artistikoan nola hazten ari zen ikustean. Hala ere, aurrera jarraitu zuten. Erromesaren espiritua bidean aurkitzen duenari irekita dagoen bezala, Zorongok ere hala jaso zuen ezusteko proiektu hau.
Ia ordubeteko dokumental honek ez ditu soilik Orreagan egindako kontzertuen eta grabaketa-saioen uneak jasotzen, baizik eta izaera poetikoa duten Zorongoko musikarien gogoetak ere, isiltasunak eta musikak bihotzera zuzenean iristeko duten boterearen hari eroale gisa.
Proiekzioa amaitzean, Zorongok zenbait kantu zuzenean joko ditu.