Pérez familia landa-ingurutik Madrilera joan da bizitza hobetzeko itxaropenez. Hala ere, hiriak ez die bizimodu erraza eskainiko. Manuel aitak galdategi batean lana aurkituko du, baina lan-erritmoa oso azkarra denez, oso zaila izango zaio jarraitzea. Pepe seme zaharra estraperloari lotutako gai ilunetan ibiliko da. Manolo seme gaztea mandatu-mutil moduan lan egiten hasiko da, eta Tonia alabak neskame moduan lan egingo du.
Nieves Condek, gure zinemaren klasiko honetan, Espainiako une hartako errealitatearen alderdi deserosoak jorratzen ditu, hala nola landatik hirira immigratzea, merkatu beltza, langabezia, emakumeen prostituzioa, etab. Hori dela eta, arazo larriak izan zituen zentsurarekin. Zuzendariak estraperlistak eta delinkuenteak nagusi diren Madrilgo giroaren erretratu mingarria eskaintzen du, hirira iristean desegin eta suntsitzen den familia baten bidez. Gidoia Nieves Conde, Natividad Zaro eta Gonzalo Torrente Ballester idazlearena da. Grabazioaren prestaketa luzea eta trinkoa izan zen, zuzendariak errealismo albait gehien lortu nahi zuen eta. Horretarako, taldeak Atocha, Lavapiés, Legazpi eta Embajadores Madrilgo auzoak zeharkatu zituen, bertako txoko, etxe eta pertsonei argazkiak atera zizkien eta bertakoen arropak erosi zituen. Modu horretan, filmeko pertsonaien benetako bizimodura gehiago hurbiltzea lortu zen. Filma, melodrama trinko eta gogorra izateaz gain, Madrilgo berrogeita hamarreko hamarkadako kronika zuhurra da