Adrianek, Ross McElwee-ren semeak, aitarekin ibilaldiak, jolasak eta berriketaldiak egiten zituen haurtxo maitagarria izateari utzi zion duela denbora asko. Orain, ia denbora osoa gelan sartuta egoten da, kanpoko munduarekin konektatuta hainbat gailu elektronikoren bidez, proiektuak erdizka utzita edo gehienez ere eskia praktikatzen (eta filmatzen: geneak zorrotzak izan daitezke). McElwee aita McElwee semearekin kezkatuta dago, baina modu konbentzionalean bideratu ordez, ondo ikertutako bidea eta zinematografikoki harrapatzeko modukoa hautatuko du; alegia, Frantziako Bretainiara bidaia egitea, Adrianek orain duen adin inguruan, denboraldi batez lanean aritu baitzen ezkontzetako argazkilari baten laguntzaile gisa. Harekin batera eramango ditu grabaketak, oharren koadernoak, argazkiak eta batez ere oroitzapenak. Eta bilaketa antzuak eta desengainu txikiak biltzen dituen heinean, Photographic Memory lana izenburuaren izaera eztiro ironikoa erakusten joango da, denbora, memoria (eta hori finkatzeko erabiltzen ditugun materialak), gurasoak eta seme-alabak, zinea eta argazkigintzaren inguruan hausnarketa zorrotza, ia proustianoa, egitearekin batera.