“Pailazoak benetan hiltzen dira? Printzesek gutunak erantzuten dituzte? Heriotzaren irudia zaldi zuri baten irudia da? Nora joaten dira hitz zaharrak hiltzen direnean? Galdera horietako batzuk egiten dira La Casa Emak Bakia pelikulan, eta, bertan, etxe bat bilatu nahi da euskal kostan; hain zuzen ere, hor egin zuen Man Rayk bere lehen pelikula abangoardista. Jakin badakigu Biarritz inguruan artistak oporrak igarotzen zituela sekulako etxe batean, eta etxe horren izenak (Emak Bakia) konkistatu eta haren goiburu artistikoetariko bat izatera iritsi zela. Emak Bakia, Utzi bakean! adierazteko aspaldiko euskal esamoldea da, eta izenik aproposena izan zen norbaitek aterpe hori eraikitzeko itsasoaren ondoan. Man Ray aterpe horretara heldu zen bertatik kamera airera botatzeko, zinean askatasunik handiena erreklamatuaz filmatzen zuen bitartean, hots, zeruertzaren linea ere errespetatu ez zuen askatasuna. Handik 80 urtera, Oskar Alegria etxe horren bila abiatuko da, soilik lau pistarekin: izen misteriotsua, leiho baten fotograma, ate baten beste fotograma bat eta itsasoaren irudia. Aldi berean, etxea bilatzeko bideak, bihurgunetsuak eta trabaz beteak, istripua bandera gisa izanik, sortzeko askatasun hori bera erreklamatuko du.
Emak Bakia! berriro idatziko da mirespen ikurrarekin, bihurgunea goratzen, haizea omentzen eta meandroaren ordainetan egiten den oinezko ibilbidearen bitartez. Ezer ez da lerro zuzena, eta, era horretan, bilaketaren zoriak eta horren saihesbideek sorpresak emango dituzte; hala nola, pailazo hilezkorraren historia, ping-pong-eko txapelduna den errumaniar printzesaren oroitzapenak, txerri-taldearen amesgaiztoak edo basotik urrun dagoen haritz bakarti baten txistuak. Haritzak ondorengo galdera egingo du: Zergatik nahi dute ibaiek beren amaiera atzeratu?".