IMENASA
Pelikula hau Felix Huarte enpresaburuak sortutako IMENASA industriaren jarduerari buruzko pelikula dokumental bat da. Iruñeko San Joan auzoko instalazioetan enpresak zeuzkan tailer, bulego eta prestakuntza-zentroetan nola lan egiten zuten erakusten du.
Pelikularen kopiak soinu- eta irudi-akats batzuk dauzka aurreneko minutuetan, baina lekuko gisa daukan balioak konpentsatu egiten du hori, ehunka nafarren sostengu izan zen industriaren jarduera baitago erregistratua.
Iruñako zentral termikoa
Enrique Soler ingeniariaren zaletasunetako bat gizarte- eta familia-bizitzako gertakariak erregistratzea zen, eta 9,5 eta super 8 mm-ko kamera zinematografikoekin egiten zuen hori. Hala, hainbat pelikula editatu eta muntatu zituen, eta idazkunak ere berak marrazten zituen. Pelikulen goiburuetan “Exclusivas Soler” kartela jarri ohi zuen, eta film asko fin-fin daude muntatuta. Zentral termikoaren eraikuntzari buruzko film hau Arte Zinematografiko Amateurraren 2. Lehiaketa Nazionalean aurkeztu zuten, 1955ean. Erreportaje ordainezin honetan Iruña argindarrez hornitze aldera Arga ibaiaren ertzean, Igeriketa Klubaren ondoan, eraiki zuten zentralaren hilabetetako gorabeherak agertzen dira. Solerrek instalazioa nola eraiki zen filmatu zuen, baita makinen lekualdatzea ikuskatzeko Alemaniara egin zuten bidaia ere. Ez zuen prozesu hori jarraitzeko zailtasunik izan, instalazioaren sustatzaile zen Irati konpainiarentzako egiten baitzuen lan.
Enrique Solerren familiak, 2013an, zinematografia-material guztia Nafarroako Filmotekari eman zion.
Iruña-Agoitz-Zangoza ibilbidea egiten zuen Irati trenaren azken bidaia
Pelikula honetan Irati izenez ezagutzen zen trenak egindako azken bidaiako irudiak agertzen dira. Solerrek, istorioak kontatzeko zeukan trebeziarekin, bidaia horretan eta beste batzuetan filmatutako irudiak uztartu zituen, batasuna lortze aldera. Trena Zangozatik azkenekoz nola atera zen eta Iruñako geltokira nola heldu zen grabatu zuen.