Dokumental hau Pio Caro Barojak filmatu zuen 1970 eta 1971. urteetan, haren anaia Julio Caro Baroja historialari eta etnografoaren idazki batean oinarrituta eta Nafarroako Foru Aldundiko Vianako Printzea erakundeak aginduta. Helburua zen Nafarroako gizarte tradizionalaren ohitura eta bizimoduen irudiak jasotzea, garai hartan desagertzeko edo goitik behera aldatzeko bidean baitzeuden, gizartea industrializatzen eta hiritartzen ari zelako.
Urte-sasoiak ardatz hartuta, Pio Carok jaien inguruko erritu eta ohiturak, sasoi bakoitzeko nekazaritza-lanak, nekazarien lanabesak eta Nafarroako herri-folklorea erakusten ditu. Pelikula hau Nafarroako etnografia-ondareari eta landa-bizimoduari buruzko kalitate handiko dokumentua da, baita zinema-genero horretako erakusgarri ona eta egileak berak gehien estimatzen duen obretako bat ere.
Saio honetan udaberriari eta udarari buruzko zatiak emango ditugu, eta udazkeneko denboraldian gaineko biak.
Aurten, gainera, Julio Caro Baroja jaio zela ehun urte beteko dira.