1971. urtea. Haurdun dauden hiru nerabe Bilboko pisu batean gordeta bizi dira munduaren aurrean garai hartan lotsagarria zena ezkutatzeko. Oso ezberdinak dira, baina arazo berdina dute. Berrogei urte baino gehiago pasa ondoren, Violetaren ama hiltzear dago, eta sekulako aitorpena egingo dio alabari: jaio eta egun batzuetara erosi zutela esango dio, eta bera ez dela haren benetako ama. Violeta zeharo hunkituta geratuko da, eta Ertzaintzako Desagertuen Unitateko ertzain batena joko du, jatorria ikertzen lagun diezaion.
Tres Mentiras lanean, Nafarroako Ana Murugarren zinegileak frankismoko gertaera ilunena eta oraindik ezkutuan dagoena sakonduko du: haurren lapurreta eta salmenta, oraindik konpontzeko dagoen misterioa, erantzulerik gabea. Espainian amei lapurtutako haurtxoen inguruan Espainiako zineman egindako lehen pelikula da.
Martzillako Ana Murugarren erreferentziazko muntatzailea da Enrique Urbizu, Alex de la Iglesia eta Pablo Berger bezalako Espainiako zinemako zuzendari handientzat. Lan honen bidez, fikziozko film luzean estreinatuko da pantaila handirako. Javier Kraheren Esta no es la vida privada dokumental luzea zuzendu zuen aurretik, telebistan arrakasta izatearekin batera La Dama Guerrera edo El precio de la libertad lanei esker.
Tres mentiras filmak pelikula onenaren saria eskuratu zuen Tuterako Opera Prima Zinemaren azken jaialdian.
Ana Murugarren zuzendariak filma aurkeztu eta ikusleekin solasaldia egingo du.