Liviu Revbreanuren nobelan oinarritzen da, eta hainbat urtetan zehar gertatzen den historia kontatzen du, flash back-a aprobetxatuaz. Ciuleandra-ren dantzaren erritmo frenetikoak harrapatuta, Puiu Faranga Madelinarekin maitemindu eta jaioterritik aterako du Madelina Faranga bihurtuaz. Madelinak haren bihotza bereganatzen badu ere, eromenak harrapatuko du bien arteko alde sozial gaindiezinak medio. Puiuk zorakeria-une batean emaztea hilko du. Espetxera ez joatearren, Policard Faranga aitak, Justizia Ministroak, erietxe batean sartuko du. Han, Puiuk Madelinarekiko maite-sua aitortuko dio Aioanei doktore psikiatrari; azkena, ordea, kasualitatez Madelinaren herrikoa da, eta hura ere Madelinarekin maiteminduta egon zen iraganean.
Thriller, drama eta kostunbrismo sozialaren arteko nahasketa. Laurogeiko hamarkadako errumaniar zinemako pelikularik onena eta ezezagunena da, ziklo honen abiapuntua izango dena.