“Asier eta biok elkarrekin hazi ginen laurogeiko hamarkadako Iruñeko kale gatazkatsuetan. Ondoren, bide ezberdinei heldu genien: Asier bertan geratu zen konpromiso politiko argia zuten jarduerak egiten, eta ni Madrilera joan nintzen. Amets bat nuen: aktore izatea. Arte dramatikoko eskolan alde guztietako lagun mordoa egin nuen. Urteak igaro ziren, eta aktore izateko nuen ametsa errealitate bihurtu zen, pixkanaka-pixkanaka.
2002ko martxoan, Asier desagertu egin zen. ETAn sartu zen. Ondoren, Frantzian atxilotu eta espetxeratu zuten. Hurrengo zortzi urteetan espetxean egon zen. Denbora horretan guztian, Asierrez asko hitz egiten nien Madrilgo nire lagunei; hau da, gure adiskidetasuna zein berezia zen niretzat kontatzen nien. Baina, askotan, nik erantzunik aurkitzen ez nizkien galderak egiten zizkidaten: Nola ulertarazi ETAko militante batekin nuen adiskidetasuna? Nola ulertarazi niri ere onartzea kostatzen zitzaidan erabakia hartzera zerk bultzatu zuen? 2010eko uztailean, Asier espetxetik atera zen, eta kamera bat hartu nuen pelikula bat egiteko asmoarekin, galdera horiei erantzutearren eta, bide batez, zergatik ez, jarrerak hurbiltzearren, baina nire plana ez zen nik espero bezain erraza izango…”. Aitor Merino.
Irizar Sariaren irabazlea Donostiako Zinemaldian.
Saioa Aitor Merino aktoreak eta zuzendariak aurkeztuko du eta, ondoren, harekin hitz egiteko aukera egongo da.