Goizero bezala, Maamun Al-Wadi-k bere dendako atea ireki du. Edukiontzi txiki zuria da. Haren ondoan, antzeko beste edukiontzi bat dago. Eta gero beste bat eta beste bat. Zeruertza erabat berdinak diren milaka edukiontzik osatzen dute. Munduko errefuxiatuen eremurik handienean aurkitzen gara, Zaatarin, Jordanian. Haren dendan mugikorrak konpontzen dira. Maamun bezeroak artatzen hasi da. Haien memoria-txarteletan Sirian izandako iragana gordetzen da: zoriontasuna, ohikeria, familia-bizitza. Eta, ondoren, gerrak, suntsipena, izua, ihesa. Maamun-ek irudiak eta soinuak berreraikitzen ditu, edukiak berreskuratu, bateriak kargatu; hots, bizilagunek Siriarekin orain duten konexio bakarra berreskuratzen du.
Karim Rajab lagunarekin batera beste zerbitzu bat eskaintzea erabaki du; hau da, paperean inprimatzea Zaatariko bizilagunen mugikorrak betetzen dituzten irudiak. Bere ohituraren, lagunekin eta bizilagunekin izaten dituen solasaldien eta denda txikiko eguneroko bizitzaren bitartez, jakingo dugu inork ez duela gerra inprimatzerik nahi, errefuxiatuaren nortasuna haratago baitago. Haiek ikustea nahi dute, haiek gogoratzea, haien siriar nortasuna azpimarratzea, pertsona bezala duten nortasuna.
Maamun-en dendan egunero inprimatzen diren argazkiekin errefuxiatuen nortasuna ez ezik, geurea ere zalantzan jarriko da. Nortzuk gara? Zergatik gaude hemen? Non jaio ginen, non hilko gara?
Emanaldiaren amaieran, aukera izango da pelikularen zuzendariekin eta Oxfam Intermongo ordezkari batekin hitz egiteko.