The Basques of Santazi (1987)
Sandra Ott-en (The circle of Mountains (1981) azterketa bikainaren egilea, filma Leslie Woodhead-ekin batera izenpetzen duena) ikerketa antropologikoetan oinarriturik, dokumental hau liburua bezain erretratu zehatza eta egokia da. Saint-Engrance herrixka zuberotarrean, Pirinioen oinetan, Belagua bailararen beste aldean, bizi diren bi familia baserritarren eguneroko bizimoduaren berri ematea du xede. Errealizadore britainiarrak arduratu ziren bi urtez bi euskal baserriren bizimodua eta horren gizarte-eraginak biltzeaz, zehazki, 80ko hamarkada amaieran, bertako biztanleak munduarekin lotuko zituen asfaltozko pista estreinatu berri zutenean eta, hara bitartean, kanpotik, beren sukaldeetara telebista bitartez iristen zen gutxietakoa Dallas seriea zenean; “denak itxura onekoak” ziren mundu irreala, Mayi Goillart-ek, protagonistetako batek, definitzen zuen gisan. Urtarotik urtarora, elurretatik eguraldi eguzkitsuetara, trantsumantziatik txerri-hiltzera, bizimoduak aurrera darraio bere une gogorrekin eta, batez ere, bizimodu hori azkenera iristen ari denaz jabetzetik sortzen den kantu mingotsarekin. The Basques of Santazi landa-eremuko bizitzari buruzko kanpo-lana da, baina, baita, euren agonia motelaren erretratua ere.