Goizero bezala, Maamun Al-Wadik dendako atea ireki du. Edukiontzi zuri eta txikia da. Alboan, beste edukiontzi bat, berdin-berdina. Eta alboan beste bat, eta beste bat. Milaka edukiontzi berdin daude leku horretan. Munduko errefuxiatuen esparrurik handienean gaude, Zaatarin, Jordanian. Maamunen dendan telefono mugikorrak konpontzen dira. Maamun bezeroak artatzen hasi da. Memoria-txarteletan, Sirian izandako iragana ikus daiteke: zoriona, errutina, familia-bizitza. Eta gero gerra, hondamendia, beldurra, ihesa. Maamunek irudiak eta soinuak berregin, edukiak berreskuratu eta bateriak kargatzen ditu, hau da, auzokoek gaur egun Siriarekin duten lotura bakarra berrezartzen du.
Karim Rajab lagunarekin, zerbitzu gehigarria eskaintzea erabaki du, hau da, Zaatariko biztanleen mugikorretako irudiak paperean inprimatzea. Errutinari, lagunekin eta auzokoekin dituen elkarrizketei eta denda txikiaren egunerokotasunari erreparatuz, ohartzen gara inork ez duela gerra inprimatu nahi, errefuxiatu baten nortasuna askoz harago dagoela. Elkar ikusi nahi dute, elkar gogoratu, identitate siriarra azpimarratu nahi dute, pertsona moduan duten identitatea.
Maamunen dendan egunero inprimatzen diren argazkiek zalantzan jartzen dute ez bakarrik errefuxiatuen identitatea, baita geure identitatea ere. Nor gara? Zergatik gaude hemen? Non jaio ginen, non hilko gara?
Filmaren ordezkariek ordezkariek bertaratuekin hitz egingo dute proiekzioa amaitzen denean.