22 urteko gaztea (Galván), Galois izengoitia duena, otsailaren 20 noiz iritsiko zain dago, Goldbachen aieruaren frogantza aurkeztuko baitu. Frogantza hori lagun batzuei kontatzen ari dela, mutil batzuek bere gelara joateko esaten diote. Hara iristean, Galoisek dena apurtuta aurkitzen du: pertsonaia misteriotsuren batek frogantza saboteatu du.
Bitartean, beste pertsonaia batek (Hilbert) xakean jokatzen du, eta lagun medikuari kontatzen dio aspaldi bere buruaz beste egiten ahalegindu zela. Era berean kontatzen dio gutun bat jaso duela, eta horren bidez gonbidatzen dutela asteburu bat herrialdeko matematikari bikainenekin igarotzera, enigma handi bat ebaztea aitzakia izanda. Horretarako, beharrezkoa da aurkitzea zer ordenatan dauden zenbaki hauek: 5-4-2-9-8-6-7-3-1
Pascalek, hirugarren pertsonaiak, gutun bera jaso du. Asmakizunari buruz gogoeta egiten ari da liburutegi batean. Hainbat orduz pentsatzen egon ondoren, amore eman eta orria apurtzen du. Baina liburuzainak esaten dio erabilitako liburuak ordena alfabetikoan utz ditzala. "Alfabetiko" hitza ezinbesteko aztarna da, eta “ordena” hitza irakurri ondoren, erantzuna lortzen du berehala. Pascalek emaitza 325 posta-kutxara bidaltzen du, eta bigarren gutun baten bidez, leku batera joateko hitzordua ematen diote. Pascal leku horretara doanean, ez dago inor. Ondoren, Oliva, 26 urteko emakumea, iristen da, gutun bera jaso du eta. Gero, Hilbert eta Galois auto berean iristen dira.
19:00etan, auto baten argiak keinuka hasten dira beste ertzean. Ontzi bat aurkitzen dute, eta aintzira zeharkatzen dute. Autoan sartu eta bileraren lekura iristen dira: ale-biltegi bat. Barrura sartu, eta gela eder bat aurkitzen dute, Hilbertek faltan botatzen duen guztia daukana.
Tarte batez zain egon ondoren, anfitrioia iristen da: Fermat. Erronka hasten da…