Film honek 1917ko otsailetik urrira bitarteko gertakizunak biltzen ditu. Nahiz eta Errusiako hasierako belaunaldiek film honen sekuentzien intentsitatea ez zuten ongi ulertu, Eisensteinen esperientzia eta trebetasuna filmak erakusten dituen mugimendu azkarretan eta muntaiaren erritmoan ageri dira. Eragin handiko taldeen presioa zela eta, pelikularen estreinaldia 1928. urtera atzeratu behar izan zuten eta, gainera, eszena batzuk moztu behar izan zituzten. Iraultzaren protagonista asko ageri dira: Guardia Gorriak, soldaduak eta marineroak, tartean.
Urriak proletariotza unibertsalaren garaipenari omenaldia egiten dio. Historiako filmik garrantzitsuenetako bat da, nahiz eta, propaganda eta panfleto zinema guztietan gertatzen den bezalaxe, manipulatuta egon. Horrek, hala ere, ez du Eisensteinen kalitate artistikoan eragiten. Pelikula honek irudien kontrastea eskaintzen du, aurrez aurre jartzen diren plano bikainak erakusten baititu. Filosofia komunistari jarraikiz, planoen bidez protagonista bakarra ez dagoela erakusten du.
Josetxo Fernandez de Ortega eta Fermin G. Amigotek osatzen duten taldeak musika emanaldi bat eskainiko du saioan zehar.