Haurrek aurtengoan beste leku bat izanen dute oporrez gozatzeko: Nafarroako Filmotekak, izan ere, lau saio antolatu ditu urtarrilaren 2tik 5era bitarte. Batetik, gaztelaniazko hiru film klasiko emanen dira, eta hiruretan ere irudi erreala animazio-teknikekin nahasita daude; bestetik, euskarazko animazio-film bat eskainiko da. Saioak goizeko 11:30ean hasiko dira.
Nafarroako Filmotekak ezin ditu etorkizuneko ikusleak ahaztu. Hau da, hazten ari diren bitartean, haurrek kontuan hartu behar dute orain arte egin diren film gehienak pantaila handi batean emateko eta eserlekuz betetako areto batean ikusteko sortu direla; beste ikusle batzuek inguratuta, gainera. Filmotekak, beraz, betiko istorio horietan oinarritutako aukeraketa bat egin du. Film horietako bakoitza bere generoan klasikoen mailara iritsi da, besteak beste irudi erreala bere garaian abangoardistak izan ziren animazio-teknikekin nahasteko trebeziari esker. Informatika-ingeniaritzak teknika hutsa gainditu badu ere, errealizatzaile haien irudimenak gaindiezina izaten jarraitzen du. Bestalde, Cher ami filmaren euskarazko bertsioa emanen da; besteak beste, Nafarroako Euroview ekoiztetxeak ekoiztutakoa.
Los tres caballeros (1944), urtarrilaren 2an
Donald ahateak abentura txundigarria biziko du bere urtebetetze-egunean Panchito oilarraren eta José Carioca loroaren laguntzarekin. Komedia musikala da eta bertan pertsonaia errealak marrazki bizidunekin nahasten dira. Erritmo bizia, neska ederrak eta dibertsioa dira osagai nagusiak. Filmak bi Oscar izendapen izan zituen: soinuarena eta soinu-banda onenarena.
Mary Poppins (1964), urtarrilaren 3an
Fernando VII.aren Ingalaterran (1901-1910), familia ingeles baten bizitza errotik aldatu egiten da Mary Poppins iristean; etxe-irakasle bitxi hori laino artetik agertzen da bere guardasolarekin hegan egiten. Familia-zinemako klasiko honek ikusle kopuruen errekorrak hautsi zituen bere garaian. Gogoratzen errazak diren abestiak, pertsonaia animatuak eta haurtzain magiko bat nahasten ditu familia osoarentzako komedia entretenigarri bat sortzeko. Oscarretarako hamahiru sari-proposamenekin, film honek bost estatua lortu zituen, Julie Andrewsek erdietsitako emakumezko aktore onenaren saria barne.
La bruja novata (1971), urtarrilaren 4an
Eglantine Price (Angela Lansbury) sorgin afizionatu gogor eta zorrotz bat da; gogoz kontra, bera bizi den herrira eraman dituzten 3 haurrez arduratu behar du. Guztiek elkarrekin aurre egin beharko diete inbaditzaile alemaniarrei Britainia Handia defendatzeko, eta horretarako Eglantineren magia-trikimailu guztiak erabiliko dituzte. Film honek Oscar bat irabazi zuen ikusizko efektu onenengatik. Komedia atsegin honek animazioa eta pertsonaia errealak, abestiak eta magia nahasten ditu.
Cher Ami (2009), urtarrilaren 5ean (euskarazko bertsioa)
Pelikulak Argonne-ko (Frantzia) basoetan dagoen baserri bateko animalien abenturak kontatzen ditu. Ekintza 1918ko urrian kokatua dago, Gerra Handiaren etorrerak uso ar baten eta haren lagunen bizimodu lasaia mehatxatzen duenean. Duten erantzukizunaz jabetuta, baserriko uso ar baldarrak mezulari ausart eta adoretsu bihurtuko dira, eta soldatu amerikarren batailoi baten bizitza salbatzen ahaleginduko dira.