Enrique Soler de Agustínen alaba María José Solerrek eta alabaren senar José Mª Aymerichek emanik iritsi da materiala Nafarroako Filmotekako artxibora. Enrique Soler de Agustín ingeniari eta zinemagile amateurrak bere bizitza guztian bildutako filmak dira.
Guztira, super 8ko 59 film daude; 8 mm-ko 107, eta 9,5 mm-ko 38. Zinemazaleek erabili ohi dituzten zinema-formatuak dira eta, horien bidez, Soler de Agustínek Nafarroako bizitza familiar, profesional eta sozialeko ehunka gertakari jaso zituen. Irudirik zaharrenak 1931koak dira; eta azkenak, berriz, 1989koak.
Filmotekara iritsitako grabazioen artean gertakari historikoak dira nabarmentzekoak; esaterako, Irati trenak egindako azken bidaia (1955), Zangozako geltokitik Iruñeko geltokiraino, non tren txikia betirako gelditu baitzen; edo Elurretako Ama Birjinaren ermitaren inaugurazio ekitaldia (1954).
Ingeniari zinemagileak filmatutako irudi batzuk Antonio José Ruizek erabili zituen bere film nostalgiko eta baliagarrietan.
Enrique Soler de Agustínek film guztiak txukun eta artatsu gorde eta katalogatu zituen eta, horri esker, filmetako edukiak erraz identifikatu dira. Orain, Filmotekak dena digitalizatuko du, edukia zehatz-mehatz sailkatzeko. Jatorrizko kopiak biltegi klimatizatuetan gordeko dira ezin hobeki kontserbatzeko.
Filmekin batera, familiak hainbat tresna eman ditu, hala nola arras ongi dagoen proiektore bat, 9,5 mm-koa; materialak eta filmak biltegiratzeko materiala, eta hainbat argazki- eta filmazio-makina; super 8mm-koak, 8mm-koak eta 9,5 mm-koak.