Ostegunean, maiatzak 9, Alfredo Landa aktore nafarra hil zen, laurogei urte zituela. Ehun eta berrogeita hamar pelikula baino gehiagoko filmografiarekin (zinema eta telebistaren artean), Espainiako zinematografiako aktore emankor eta ezagunenetakoa da. Besteak beste, Cannes-ko zinema-jaialdian aktore onenaren saria jaso zuen, eta baita Kulturaren Vianako Printzearen saria ere; XX. mendeko bigarren erdiko Espainiako zinema-historiaren ezagutzan nahitaezko erreferentzia izango da beti.
33ko 3aren 3an jaio zen (3retan, haren hitzen arabera, edo, hobe esanda, amaren hitzen arabera) Iruñeko San Anton kalean, eta Alfredo José Landa Areta izenarekin bataiatu zuten. 12 urte zituela, Donostiara joan zen bizitzera, eta han batxilergoa egin eta geroago Zuzenbidean matrikulatu zen, baina Donostiako Espainiako Unibertsitate Antzerkian bizitako esperientziaren ondoren, eszenako iratxoa barren-barreneraino sartu eta interpretazioari heldu zion buru-belarri.
1958an Madrilera joan zen eta bikoizketako aktore modura lanean hasi. Urte bat geroago antzerkiko lehen kontratua lortu zuen Nacida ayer obran parte hartzeko. Harrezkero, antzerkian, zineman eta telesailetan egin du lan.
Zineman José María Forqué-ren eskutik debutatu zuen Atraco a las tres filmean, 1962an. Bere lehen lanak komikoak izan ziren, eta pertsonaia arketipiko bat bihurtuko da Espainiako zinemako izar distiratsuenetakoa izanik. “Landismo” izeneko korrontearen sortzailea da eta sexu-errepresio espainiarra umorez definitu zuen hirurogeita hamarreko hamarkadan.
Guztiek uste zutenean erreprimitu espainiartxo baten modura geratutako aktorea zela, eboluzionatzen jakin zuen, eta horixe izan zen, hain zuzen, haren meritua, ibilbide profesionala Espainiako gizartearen bilakaerari lotuz. Eta hori agerian geratu zen estreinakoz Juan Antonio Bardemek zuzendutako El puente pelikulan, eta geroago, El crack, Los santos inocentes, La vaquilla, Sinatra, El rey del río, El bosque animado, Marcelino pan y vino, Canción de cuna… pelikuletan.
Galaiaren estereotipoaren antitesia, Landa hainbat erregistrotako pertsonaiak antzezteko gaitasuna zuen aktore aparta bihurtu zen.
Laurogeigarren hamarkadan ezagunagoa egin zen telesaio arrakastatsu batzuetako protagonista izatearen ondorioz: Don Quijote, Lleno, por favor y Por fin solos.
1984an aktore onenaren saria irabazi zuen Francisco Rabalekin batera Mario Camusen “Los santos inocentes” pelikulagatik, eta aktore onenaren bi sari jaso zituen zinema espainiarreko Goya saritan; lehenengoa, 1987an, El bosque animado filmean egindako lanagatik eta bigarrena, 1992an, La marrana filmagatik. 2007an, Espainiako Zinema Akademiaren Ohorezko Goya jaso zuen, haren karrera guztiaren aitorpen modura.
Alfredo Landa Espainiako aktore handienetako bat izan da, baliabidez betetako eta zintzotasun profesionalez betetako interpretazio-teknikarekin, eta Espainiako zinemaren pertsona gogoangarrietako bat izango da.