Nafarroako Filmotekak 16 urtetik beherako gazteentzat Zinematografiaren teoriari eta praktikari buruzko Tailerra antolatu du, eta udan egingo da. Filmotekaren helburuetariko bat arte zinematografikoa bultzatzea eta sustatzea denez, didaktikan eta pedagogian tailer hau bezalako jarduerak jorratu behar dira, jomuga etorkizunean zinemagileak izan daitezkeenengan jartzen baitu, edo, gutxienez, ikus-entzunezko artearen hurbileko ikusleengan. Era horretan, arlo kultural horretara gerturatzeko modurik onena da Nozio teorikoak ematea, film enblematikoak ikustea eta, azkenik, Sormena lantzea.
Tailerrean, beraz, 3 alor horiek jorratuko dira, eta, amaitzeko, film labur bat filmatuko da super 8 mm-ko kamerarekin. Pelikula sistema analogikoan eta eskuz filmatzearen eta muntatzearen aldeko apustua egin nahi izan dugu, Zinemaren Historian zehar gehien erabilitako baliabidea izateagatik, eta euskarri fotokimikoak kontserbatzeko berme gehien dituela uste izateagatik.
Ikus-entzunezko hizkuntza horretan sartzeko ikastaro praktikoan parte hartuko dutenek eskura izango dituzte kamerak eta historia labur bat filmatzeko pelikula. Erabili beharreko euskarriaren metraje laburrak fotograma bakoitza pentsatzera behartuko ditu. Film laburra beranduago ikusi ahal izango da Nafarroako Filmotekaren emanaldien aretoan.
Tailerra abuztuaren 22tik 26ra egingo da, 11:00etatik 14:00etara, Nafarroako Filmotekan (Antonio Pérez Goyena pasealekua, z/g, Iruña). Mirada Nadir taldeak zuzentzen du. Tailerraren prezioa 75 €-koa da, eta gurasoen edo legezko tutorearen baimena aurkeztu behar da. Plaza-kopurua mugatua da; plazak izena emandako ordenaren arabera esleituko dira.