Nafarroako Liburutegia eta Filmoteka 2011ko martxoaren 1ean zabaldu zen eta Iruñeko Mendebaldea auzoan dago.
Filmen artxiboa, areto tekniko bat eta proiekzio-gela bat daude eraikinean, baita zinemagintzari buruzko funts bibliografikoa eta ikus-entzunezkoen funtsa ere, libre eskuratzeko moduan eta gordailuetan. Funtsa egunez egun handitzen ari da eta Nafarroako Liburutegien Sarearen katalogoaren bidez ikus daiteke edukiak erabilgarri ote dauden, haietako asko eskuragarri daude eta.
Hona hemen zein diren Filmotekaren eginkizunik aipagarrienak:
Filmen artxiboaren kudeaketak helburu du Nafarroarekin zerikusia duten filmak eta ikus-entzunezko lanak gorde, deskribatu eta zabaltzea, baita bertze zeinahi material, ekipamendu eta elementu ere, baldin eta interesgarriak badira zinemaren eta ikus-entzunezkoen alorra oro har aztertzeko eta zehazki Nafarroakoa.
Filmen funtsean Nafarroako Gobernuaren jabetzakoak diren material zinematografikoak biltzen dira, hainbat bidetatik eskuratuak: erosiak, dohaintzan hartuak edo ikus-entzunezkoen alorreko laguntza publikoen onuradunek ezinbertzean emandakoak; baita partikularrek eta bertze entitate batzuek gordailuan emandako materialak ere. Funts horien artean nabarmentzekoak dira honako hauengandik jasotakoak: Antonio José Ruiz, Enrique Soler, Adrián Martínez "Hamsi", Golem, Saide, Cine Club Lux, Jesús Baztán, Javier Garreta, AlfonsoVerdoy, Mirentxu Purroy edo Miguel Urabayen. Eta aipatzekoa da, orobat, Canal 4 Navarra-tik etorritako telebista-artxiboa.
Zabalkunde zinematografikoaren arloari begira, eraikinean bada 176 eserlekuko proiekzio-gela bat. Astean 3 saio antolatzen dira bertan (asteazken, ortzegun eta ortziraletan) gehienbat film klasikoen eta Nafarroari loturiko filmen emanaldietarako.
Filmen emanaldiez gain, Filmotekak bertzelako jarduerak ere antolatzen ditu, hala nola Gazteentzako Zinema-tailerra, non super 8mm-tan filmaturiko filmak sortzen diren, Programazioaren barnean ematen direnak gero, edo kartelen edo bertzelako gauzakien erakusketak.