Filmen artxiboak Nafarroako ondare zinematografikoarekin eta ikus-entzunezkoen ondarearekin zerikusia duten dokumentuak berreskuratu, gorde eta zabaltzen ditu, herritarren eskura egon daitezen. Horretarako, ondoko zerbitzuak ematen ditu:
Ondare filmografikoa berreskuratzea
Nafarroako Ondare filmografikoaren berreskuratze lana sustatzeko, euskarri fotokimikoan dauden filmak digitalizatzeko aukera eskaintzen da (35 mm., 16 mm, 9,5 mm, Super 8 mm eta 8 mm-ko formatukoak), baldin eta, trukean, jatorrizko material horiek modu iraunkorrean laga eta gordailutzen badira filmen artxiboan. Halakoetan, hitzarmen bat sinatzen da film horien jabea den norbanakoarekin edo entitatearekin. Ondare filmografikoa berreskuratzeko kanpainan parte hartzeko, Ondare Bibliografiko eta Filmografikoaren eta Lege Gordailuaren Bulegora jo behar da, filmoteca.archivo@navarra.es helbidera idatziz edo 848 42 77 82 zenbakira deituz.
Identifikazioa eta deskribapena
Filmen artxiboko materialak eskuragarriago egon daitezen, lehenik eta behin aztertu eta deskribatzen dira, jakiteko zer egoeratan dauden eta erabakitzeko ea utziko den jatorrizko materiala erabiltzen edo zaharberritu eta digitalizatu beharra dagoen, gorde beharreko ondare-eduki horren kopia lortu eta kopia hori erabiltzen uzteko.
Ondare filmografikoari buruzko kontsultak
Nafarroarekin loturiko mugimendu-irudiak aurkitzeko interesa duen edozein norbanakok edo entitatek hona bidal ditzake bere galderak: filmoteca.archivo@navarra.es. Argibideak emanen zaizkio filmen artxiboan dagoen materialari buruz, baita azaldu ere ikus-entzunezkoen zein funts dauden kontsultagai Nafarroako Liburutegien Sarearen katalogoaren bitartez.
Ikus-entzunezko materiala ikustea
Filmen artxiboaren materialak Nafarroako Liburutegia eta Filmotekaren egoitzetan ikusi behar dira. Aldez aurreko hitzordua har daiteke hona idatzita: filmoteca.archivo@navarra.es. Salbuespenez, filmen artxiboko areto teknikoko ekipamenduak erabiltzeko baimena eman daiteke euskarri fotokimikoan dauden filmak ikusteko baldin eta film horien jabe diren norbanako edo entitateek ez badute haiek erreproduzitzeko bitartekorik.
Zinemari buruzko liburutegi espezializatua
Nafarroako Liburutegia eta Filmotekak zinemari buruzko baliabide bibliografiko ugari ditu.
Funts horren barnean daude zinemari buruzko 1. solairuko liburutegiko dokumentuak eta ikus-entzunezkoen alorrekoak, 1. solairuan daudenak, eta baita gordailuan gordetakoak ere; gehienak Nafarroako Liburutegien Sarearen katalogoaren bitartez kontsulta daitezke eta bertan ikusten ahal da aleak erabilgarri dauden maileguan etxera eramateko edo hemen bertan kontsultatzeko.
Bestalde, NIAZI fundazioak iraun bitartean bildu zen materiala ere dago hemen. Modu mugatuan kontsulta daitekeen funts horretan badira museoko piezak, monografiak, serieko argitalpenak eta bertze inprimaki batzuk, hala nola gidoiak, prentsa-txostenak, kartelak eta abar, ikus-entzunezkoen alorrari lotuak denak. Material horren inbentarioa partez eginda dago eta edukiari buruzko informazioa galde daiteke helbide honetara idatziz: filmoteca.archivo@navarra.es
Nafarroako Liburutegiak herritarrei aukera ematen die liburutegien arteko mailegua erabiltzeko, bertze liburutegi eta zinemateketan gordetako argitalpenak eta edukiak eskuratu ahal izateko.
Proiekzio-gela
Ziklo eta saioen programazioaren bidez, zinemaren historia eta teknika ematen da ezagutzera. Denetariko ikus-entzunezkoen emanaldi horiek prestatzeko, filmen kutsu artistikoa eta didaktikoa hartzen da aintzat. Ziklo batzuetan izeneko jendea ere etortzen da, kasuan kasuko alorrarekin lotura dutenak.
Ziklo gehienak hilabetekoak izan ohi dira. Eskuarki asteazken edo ortziraletan izaten dira eta ortzegunetan, berriz, saio bereziak edo nafar zinemarekin loturikoak antolatzen dira.
Bestetik, banakako saioak ere programatzen dira, zikloz kanpokoak, sarritan hemengo zinema erakusteko, Nafarroako Gobernuak diruz lagunduriko filmak, esaterako, edo bestelako ekitaldiak egiteko.
Filmoteka elkarlanean aritzen da beste entitate, elkarte eta erakunde batzuekin film jakin batzuen emanaldiak prestatzeko. Elkarlan horren bidez zerbait ere antolatu nahiko bazenu, deitu 848 424 759 telefono-zenbakira; eta zinemarekin, literaturarekin edo kulturarekin bertze zeinahi jarduera egin gogo baduzu, idatzi hona: bibliotecadenavarra@navarra.es