Nafarroa Filmotekako Artxiboetan zikloak Nafarroarekin zerikusia duten pelikulak eskainiko ditu urte osoan, guztiak ere Nafarroako Filmotekako funtsetan edo beste filmoteka batzuetakoetan gordeak daudenak.
Ekimena, izan ere, Nafarroako Filmotekaren helburuen baitan dago: hots, Nafarroarekin lotuta dauden filmak eta ikus-entzunezko lanak berreskuratu, artxibatu, zaindu, ikertu eta zabaltzea.
Nafarroa Filmotekako Artxiboetan zikloko lehen lan sorta maiatzaren 5ean emanen da, 20:00etatik aurrera. Jendeak, izan ere, Iruñeari buruzko hiru lan ikusteko aukera izanen du, hirurak ere ikus-entzunezko dokumentuak: Pamplona, 1928; Pamplona; eta Rincones y nostalgias de Pamplona I. Sarrerak doakoak izanen dira, baina gonbidapena jaso beharko da saioa hasi baino ordu erdi lehenago.
Pamplona, 1928 16 mm-ko dokumentu labur anonimo bat da, zuri-beltzean egindakoa, eta urte hartako Sanferminei buruzko irudiak jasotzen ditu.
Pamplona zuri-beltzezko film bat da, 35 mm-koa, Vicente Zaragozak zuzendutakoa, eta Iruñeari buruzko irudi panoramikoak ematen ditu. Zortzi minutuko iraupena du.
Azkenik, Rincones y nostalgias de Pamplona I. 16 mm-ko lan hau Antonio J. Ruizek egina da koloretan, 1991n. Berrogeita bost minutuko iraupena du. Lanean hiriak izan duen bilakaera erakusten zaigu hainbat hamarralditan barrena, halako eite malenkoniatsua dario, eta nabaria du, halaber, ukitu poetikoa. Lekukotasunen artean, nabarmentzekoa da J. J. Arazuriren testigantza; hiriko biografoaren lekukotasuna, alegia.