Filmotekaren programazioa maiatzaren 5ean hasiko da Nafarroa Filmotekako Artxiboetan zikloaren bidez, Nafarroarekin zerikusia duten filmak eskaintzeko, guztiak ere Nafarroako Filmotekako edo beste filmoteka batzuetako funtsetan gordeak daudenak. Zikloa urte osoan emanen da eta Nafarroako Filmotekaren helburuen baitan dago: hots, Nafarroarekin lotuta dauden filmak eta ikus-entzunezko lanak berreskuratu, artxibatu, zaindu, ikertu eta zabaltzea.
Lehen saioan, zikloak Iruñeari buruzko hiru lan emanen ditu, 20:00etatik aurrera.
Hurrengo egunean, maiatzaren 6an, bigarren zikloa hasiko da: François Truffaut.Zinema-desioa, hau da, Nouvelle Vague mugimenduko zinemagilerik nabarmengarrienetako baten omenez antolatutakoa eta Europako egile-zinemaren ikurra.
Maiatzaren 6tik ekainaren 24ra, ikusleek aukera izanen dute frantses zuzendariaren zortzi film adierazgarri ikusteko, guztiak ere 1959tik 1983ra bitarte egindakoak. Saio guztiak ostiraletan izanen dira, 20:00etatik aurrera, eta jatorrizko bertsioan emanen dira; hau da, frantsesez, gaztelaniazko azpitituluak jarrita. Sarrerak 3 eurotan egonen dira salgai, liburutegiko eraikinaren leihatilan, saio bakoitza hasi baino ordu erdi lehenago. Ikusleek, era berean, Filmotekaren hamar filmeko abonu bat erosteko aukera izanen dute 20 eurotan, filmotekak sei hilabeteko epean antolatzen dituen ziklo orotan erabiltzeko.
Hirugarren zikloa INAAC Panorama izanen da, Nafarroarekin lotuta dauden film berriak eskaintzeko. Oraingo honetan hiru dokumental eskainiko dira, haietariko bi gaztelaniaz eta euskaraz. Lehena, maiatzaren 19an, ostegunean, emanen da; bigarrena, ekainaren 15ean, asteazkenean; eta, hirugarrena, ekainaren 30ean, ostegunean. Saioak doakoak izanen dira, eta 18:00 etan eta 20:00etan hasiko dira.
Maiatzean ere hasiko den laugarren zikloa Punto de Vista 2011ko saridunak izanen da, iragan otsaileko Punto de Vista Nafarroako Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdian saritutako sei filmak eskaintzeko. Horrez gain, Proyecto X Films 2010eko film labur irabazlea ere emanen da, Punto de Vista 2011ko bukaerako galan estreinatutakoa.
Zikloa ostegunero izanen da, maiatzaren 26tik ekainaren 23ra. Saioak 20:00etan hasiko dira. Sarrerak 3 eurotan egonen dira salgai, baina era berean, Filmotekaren hamar filmeko abonu bat erosteko aukera izanen da 20 eurotan, filmotekak sei hilabeteko epean antolatzen dituen ziklo orotan erabiltzeko.
Bestelako zinema-zikloak maiatzean eta ekainean
Nafarroako Filmotekak antolatutako zikoen osagarri, beste entitate batzuek sustaturiko zikloak ere eskainiko dira, guztiak ere doakoak.
Lehenbizikoa maiatzean eginen da. Izan ere, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak antolaturik, maiatzaren 4an Arquitectura & Documental zikloaren bigarren edizioa hasiko da; hots, egungo lau arkitektoren gaineko zinema dokumentalaren ziklo bat, lauek ere nazioartean oso ospetsuak: Foster, Niemeyer, Piano eta Calatrava.
Ekainean, bukatzeko, zinemaren inguruko bi hitzordu izanen dira. Lehena ekainaren 8an iritsiko da Actúa Nazioarteko Film Laburren Jaialdiko film finalistak emanen baitira. Bigarrena ekainaren 20tik 22ra eginen da eta zinema esperimental espainolari buruzkoa izanen da. INAAC Fundazioak, Uharte Arte Garaikidearen Zentroak eta Bartzelonako Kultur Zentro Garaikideak batera antolaturik, Del éxtasis al arrebato zikloan sei film emanen dira, haietako hiru Nafarroako Filmotekan, eta beste hirurak, berriz, Uharte Zentroan.
Nafarroako Filmotekaren programazio osoa xehetasunez ageri da haren webgune berrian: www.filmotecanavarra.com.