Albisteak
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2011
François Truffaut-en filmak ikusgai egonen dira maiatzaren 6tik ekainaren 24ra
Nafarroako Filmotekak François Truffaut frantses zinemagilearen film adierazgarrienetako batzuk emanen ditu, maiatzean eta ekainean eginen den zinema zikloaren barruan. François Truffaut. Zinema-desioa, izan ere, maiatzaren 6an hasiko da, guztira zortzi film emanen dira, eta lehen saioan Los cuatrocientos golpes egonen da ikusgai, hau da, zuzendariaren lehen film luzea. Saio guztiak ostiraletan eskainiko dira, 20:00etatik aurrera, jatorrizko bertsioan, hau da, frantsesez, eta azpitituluak gaztelaniaz jarrita. Emanaldiez gain, Carlos Losilla zinema-kritikariak Truffauten zinemari buruzko mintzaldi bat eskainiko du maiatzaren 12an.

François Truffaut. Zinema-desioa zikloak Nouvelle Vague mugimenduko zinemagilerik nabarmengarrienetako bat omenduko du datozen asteotan.

Maiatzaren 6tik ekainaren 24ra, Nafarroako Filmotekak frantses zuzendariaren zortzi film emanen ditu, guztiak ere 1959tik 1983ra bitarte egindakoak. Hona hemen filmen gaztelaniazko tituluak: Los cuatrocientos golpes, Jules y Jim, La piel suave, Besos robados, Fahrenheit 451, El pequeño salvaje, La noche americana eta Vivamente el domingo. Saio guztiak ostiraletan izanen dira, 20:00etatik aurrera, eta jatorrizko bertsioan emanen dira; hau da, frantsesez, gaztelaniazko azpitituluak jarrita. Sarrerak 3 eurotan egonen dira salgai, liburutegiko eraikinaren leihatilan, saio bakoitza hasi baino ordu erdi lehenago. Ikusleek, era berean, Filmotekaren hamar filmeko abonu bat erosteko aukera izanen dute 20 eurotan, filmotekak sei hilabeteko epean antolatzen dituen ziklo orotan erabiltzeko.

Zikloaren osagarri, liburu bat ere jarriko da salgai 18 eurotan: hots, Truffaut. El deseo del cine, Nosferatu bildumakoa.

Zikloa, zehazki, maiatzaren 6an zabalduko da Los cuatrocientos golpes (Les quatre cents coups) filmaren bidez. Hura Truffautek 1959an zuzendutako lehen film luzea izan zen eta orduantxe hasi zen jorratzen bere pertsonaiarik ospetsuenaren abenturen kontakizuna: Antoine Doinel, egilearen alter ego gisako bat. Filmean Antoine ageri da, hau da, epelik gabeko familia-giro hotzean hazten den haur paristar bat, eta ikastetxetik ihesi joaten dena, bera bakarrik edo René lagunarekin batera, zinemara eta edatera joateko, edo kalez kale noraezean ibiltzeko.

Maiatzaren 12an, ostegunean, Carlos Losilla zinema-kritikariak François Truffauten zinemari buruzko mintzaldi bat eskainiko du, 20:00etan hasita. Hizlaria Zinema eta Genero Garaikideetako irakaslea da Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitatean.

Biharamunean, maiatzaren 13an, 1962an ere egindako film bat emanen da: Jules y Jim (Jules et Jim), frantses zuzendariaren filmik ezagunenetako bat. Henri-Pierre Roché idazlearen eleberrian oinarritua, Jules eta Jim adiskideek emakume batekin, Catherinerekin, duten harremana kontatzen digu.

Maiatzaren 20an, La piel suave (La peau douce) filmaren txanda izanen da, 1964an egindakoa. Film honetako protagonista hamalau urte ezkonduta daraman eta alaba bat duen idazle ospetsu bat da. Behin batean, azafata bat ezagutu eta harekin bizitzera joatea erabakitzen du. Hasieran argi badauka ere, laster zalantzak sortuko zaizkio.

Maiatzeko azken film luzearen protagonista berriz ere Antoine Doinel izanen da. Besos robados (Baisers volés) lanean, 1968koan, armadatik kanporatu ondoren, Antoine bere neskalaguna izandakoa bisitatzera joaten da; baina ez du neska aurkituko, haren aita baizik, eta atezain-lana lortuko dio hotel batean. Baina lehen egunean, lana galduko du.

Ekaineko egitaraua

Ekainaren 3an, Fahrenheit 451 emanen da; Ray Bradbury idazlearen eleberri klasikoaren egokitzapena, Truffautek 1966an pantailaratua. Filmak etorkizunera eramaten gaitu, baina baliteke etorkizun hori, jadanik, iragana izatea; hots, gobernu autoritario batek liburuak debekatu ditu, gizabanakoarengan eragin ditzaketen kalteengatik.

Zikloari jarraipena emateko, ekainaren 10ean, El pequeño salvaje (L’enfant sauvage) emanen da, 1970ekoa. Basoan animalia baten gisara hazitako haur baten istorioa da, Parisko gor-mutuen eskola batera eramanen dutena; han, bitxikeria zientifiko gisa tratatuko dute, harik eta omen handiko mediku bat haurra pazientzia handiz hezten saiatuko den arte.

Ekainaren 17an, filmotekak La noche americana (La nuit américaine) emanen du; 1973an, filmatzeen inguruan egindako film mitikoa, alegia.

Zikloa ekainaren 24an bukatuko da; egun horretan, zehazki, Vivamente domingo (Vivement dimanche!) lanaren txanda izanen da. Lana 1983an egindako thrillerra da, Hitchcocken beraren estilo peto-petoari jarraiki, eta higiezin agentzia baten jabearen zoritxarrak kontatzen zaizkigu, emaztea eta haren amorantea erail izana leporatu ondoren.

itzuli

Geure cookie eta bitartekoenak erabiltzen ditugu helburu hauetarako:

Oinarrizko funtzioak aktibatuz web orri erabilgarria egiten laguntzen dute. Web orriak ezin du behar bezala funtzionatu cookie hauek erabili gabe.

Web orriari aukera ematen diote orriaren portaera edo itxura aldatzen duen informazioa gogoratzeko, hala nola, gogoko hizkuntza edo zu zauden eskualdea.

Informazioa modu anonimoan bilduz eta emanez, web orrien jabeei laguntzen diete ulertzen nola elkarreragiten duten bisitariek webguneekin.

Web orrietan bisitariak arakatzeko erabiltzen dira. Banakako erabiltzailearentzako iragarki garrantzitsu eta erakargarriak erakustea da asmoa.

Zure ekipoan instalatzen diren cookieak konfiguratzeko, hautatu ala desautatu cookien aukerak, eta, ondoren, sakatu "Gorde hobespenak" botoia.
"Cookie guztiak onartu" botoian klik egitean, onartu cookie guztiak instalatzea.
Halaber, "cookieak errefusatu" botoiaren bidez, ukatu egiten du horien guztien erabilera.
Klikatu hemen gure Cookie Politikari buruzko informazio gehiago lortzeko.