Juanjo Lazcano nafar artistak bere margolanik zinematografikoenak aukeratu ditu erakusketa horretarako. Clint Eastwood; C-3PO, edo bestela esanda, Star Warseko robota; eta gangsterren garaiko polizia eta ikertzaile klasikoak… horra hor bere margolanetako protagonista batzuk. Errealitatea/errealismoa eta misterioa konbinatzen dituen estiloari jarraikiz, Lazcanoren lan gehienek argazkiak dituzte abiaburu. Margolanetan, hondoekin asko jokatzen du, figurak nabarmentzeko. Hartara, oihal bereziak erabiltzen ditu; oihalon koloreak eta testurak pinturari nola halako bolumena ematen diote. Erakusketa Nafarroako Filmotekako atondoan egonen da ikusgai datorren apirilaren 30era arte.
Juanjo Lazcano Iruñeko Arte eta Lanbideen Eskola hezi zen. 2004az geroztik, hainbat talde-erakusketatan parte hartu du hiriko galerietan; azkena, 2012an, Ziudadelako Mistoen Pabilioian. Antonio Lópezek, Juan José Aquerretak eta José María Mezquitak emandako Pintura Figuratiboko tailerretan aritu da (2006-2010), eta Alfonso Ascunce eta Mikel Esparza izan ditu irakasle.
Hainbat sari eman dizkiote; gehienbat, Nafarroako aire zabaleko pintura lehiaketetan. Era berean, haren lana Iruñea Hiria Arte Plastikoen XII. Bienalerako aukeratu zuten.