Pura Vida dokumentalak emanen dio bukaera Nafarroako Filmotekako maiatzeko programazioari. Lanean kontatzen da munduko mendigoizale onenetariko batzuek Iñaki Ochoa de Olzaren bizia salbatzeko egindako erreskatea. Filma INAAC Panorama zikloaren barruan dago, hau da, Nafarroarekin zerikusia duten film egin berrien zikloan, eta maiatzaren 31n, ostiralean, emanen da, 20:00etatik aitzinera. Sarrerak euro bat balioko du. Joan den maiatzaren 23an nafar mendigoizalea Annapurna mendian hil zeneko bosgarren urtemuga bete zen.
Migueltxo Molinaren eta Pablo Irabururen filma ikusi ez dutenek beste aukera bat izanen dute ostiral honetan, hau da, maiatzaren 31an, 20:00etan hasita, Nafarroako Filmotekan. Filmean kontatzen da nola saiatu ziren mendigoizale eta lagun batzuk Iñaki Ochoa de Olza nafar mendigoizalearen bizia salbatzen. Dokumentala jatorrizko bertsioan emanen da, hau da, ingelesez, eta gaztelaniazko azpidatziak jarriko dira.
Arena Comunicación eta Txalap.art etxeek ekoiztua, filmean jasota daude erreskate-lanetan aritu ziren hamabi pertsonen lekukotasunak: Sergei Bogomolov, Alexei Bolotov, Don Bowie, Horia Colibasanu, Mingma Dorje, Nancy Morin, Nima Nuru, Mihnea Radolescu, Ueli Steck, Robert Symzack, Denis Urubko eta Alex Gavan. Era berean, Iñakik berak egindako adierazpen pertsonalak eta ezezagunak jasota daude; adierazpen horiei esker argi dago zergatik jendeak sentitu zuen bere burua moralki behartua haren bizitza salbatzen saiatzeko. Hain zuzen ere, saiakera hartan aritutako heroi haietako bat, Alexei Bolotov, joan den maiatzaren 15ean gertatu zen hilik mendian amilduta, Everesteko hego-mendebaldean bide berri bat irekitzen saiatzen ari zen bitartean.
Kritikariek eta ikusleek oso harrera ona egin diote Pura Vida filmari. Gogoratuko dugu Donostiako Zinemaldia 2012n euskal produkziorik onenarentzako Serbitzu saria eskuratu zuela, eta ondotik, aurten, beste bi sari etorri direla: mendigoizaletasunari buruzko film onenarentzako saria 61. Trento Film Festival jaialdian eta film onenarentzako saria 4. BCN Sports Film Festival Jaialdian.
Argibideak: www.puravidatheridge.com/blog/